XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Veracruzen, 1996ko irailean

Ederra hiria inoiz inauguratuko balute!

Ia-iako bertsoaren antzekoa duk; itsas-ertzean, badia zabala magal, kale ondrosoak, etxe txikiak... baina azken kolpea falta zaiok.

Hezetasuna handia duk. Txakurrik ez diagu ikusi kaleetan, alerik ere. Bero-bafada batek astintzen ziguk musua hoteletik kanporatzen garenero.

Ongi gabiltzak Koldo Tapia eta biok Bertsozale Elkarteko idazkari jauna eta ni, iristea kostatu zaiguk baina. Festival de la Décima Hispanoamericana delakora etorri gaituk. Gogoan al duk nire izaera largeak zenbat paper arazo sortu zizkidan hona etortzeko?

Pasaportea lortu nian ordea. Eta ni etorri ninduan; badakik, txapelduna, ordezkari lanetan. Nik paperik eskuratu izan ez banu hi hintzen izendatua. Akaso txapeldun-(g)ordea haizelako?

Estreinakoz irten gaituk kanpoko inprobisatzaileak ezagutzeko asmoz, eta lehen bi egunetan, kultur-kode desberdinen talkan egoskortu gaituk, kopetakoa hemen muturrekoa han.

Esaterako, Mexikon dena duk monumentu eta gizairudi. Parke bakoitzean bana gutxienik. Gorputz osoko eta gorputz erdiko; zaldizko edo zaldirik gabe; militar edo pertsona... baina monumentuak edonon. Veracruzeko kabildoko (udaletxeko) horman honakoa irakurri nian letra larriz: Veracruz, centinela sin relevo de la Patria

Nik centinela hitza ez diat maite. Militarra duk. Eta gainera, gordetzearen aitzakian ezkutatzeko balio izaten dik.